XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irigoien euskararen arazoetaz mintzatuko, larunbatean

Euskararen mailak, euskara batua, euskalkiak, etabar izeneko gaiaz mintzatuko da Alfontso Irigoien euskaltzaina datorren larunbatean Bilbon egingo den Euskaldunen Afarian.

Afari hori Euskaldunen Afari horietako hogeitamargarrena izango da.

Orain bi urte luze hasi ziren afari hauek antolatzen, euskara eguneroko bizitzan gero eta gehiago erabilia izan dadin helburutzat harturik.

Gardoki jatetxean (izen bereko kaleko 9.an) izango da larunbat honetakoa, txartelaren prezioa mila pezeta delarik.

Txartelak jatetxean edota Kirikiño, Herriak, Verdes eta Galeria del Libro liburudendetan eros daitezke, gaur bertatik hasita.

Antolatzaileek esan dutenez, afaltzeko asmorik ez dutenek afalostean azaldu daitezke, gaueko hamar t`erdiak inguruan, hitzaldia entzun eta ondoko debatean parte hartu nahi izanez gero.

Informazio gehiago jaso nahi dutenek Xabier Gereñorekin hitzegin dezakete, 435.52.63 telefonora deituz.

Jatetxeko telefono zenbakia honako hau da: 415.84.80.